sábado, 29 de noviembre de 2008

AISHAK EZ DU EUSKARAZ EGITEN


Orain dela aste batzuk Aisha izeneko neskatila etorri zen gure eskolara. Oso urrutitik dator, Sahara izeneko herrialde batetik eta hasieran ez zuen euskaraz egiten, arabieraz baizik. Hala ere, gutxinaka-gutxinaka hitz batzuk erakutsi dizkiogu: Kaixo, zer moduz zaude?, ni Aisha naiz,... Aldi berean, berak ere bere hizkuntzako hitz batzuk erakutsi dizkigu. Oso dibertigarria da berarekin jolasean aritzea, jolas berriak erakutsi dizkigulako. Gainera, oso trebea da futbolean jolasten, dirudienez, bere anai-arrebekin beraien etxea zenaren inguruan ibiltzen ziren deskantsurik hartu gabe, baloia alde batetik bestera jaurtiz.

Aisha oraindik ez da guztiz ohitu gure bizimodura eta asko harritzen da guretzat ohikoak diren gauzekin. Adibidez, jangelan inoiz jan ez dituen gauzak ikustean, egun guztian zehar euria egiten duenean, ... Gu ere asko harritu ginen berak kontatutakoekin: Lehen basamortuan bizi zela, han bero handia egiten zuela, kotxean ibili beharrean gamelu gainean ibiltzen zirela,...

Oso gauza politak kontatzen dizkigu bere herriaz, eta bertara joateko gogoa duela dio. Gu ere gonbidatu gaitu, hori bai, horretarako bertako arazoa konpondu behar dela dio.



LIBURUTEGIA



Eskolako liburutegian denbora pila bat pasatzen dugu, liburuak eta komikiak irakurtzen, musika entzuten, ordenagailuan jolasten,...

Hemen edozein gairen inguruko liburu pila aurki ditzakegu eta primeran pasatzen dugu Pirritx eta Porrotxekin, fantasiazko munduan aurki daitezken monstruo, maitagarri, sorgin, animaliekin,...

Badaezpada beti egoten da irakasleren bat edozein momentutan gu laguntzeko prest. Beste batzuetan, ordea, errieta egiten digu gaizki portatzen garenean: Ohiuka ari garenean, liburuak jaso gabe uzten ditugunean, laguna bakean uzten ez dugunean, ogi apurrak uzten ditugunean,... Baina hau oso gutxitan gertatzen da, hasieratik irakasleak arauak ondo azaldu zizkigulako eta guk ondo ikasi ditugulako.

Gure eskolako liburutegian, gainera, txontxongilo saioak egiten dira. Azkena, aurreko astean izan zen eta hemen azeria eta arrain saltzailearen istorioa kontatu ziguten. Baina istorio honetan, besteetan ez bezala, azeria ez da pertsonai maltzurra eta gauean lo lasai egin ahal izan genuen.

Hona hemen azeria eta arrain saltzailearen istorioa:


PSIKOMOTRIZITATEA



Psikomotrizitate saio berezia izan dugu gaurkoan, aurkitu ditugun txokoak baserriarekin lotura baitzuten. Hau da, txoko hauetan baserriko eguneroko zereginak ikusi ahal izan ditugu: behiak jeitzi, baratza landu, sagarrak bildu,...

Behia jeitzi: Hemen, behi baten marrazkia aurkitu dugu eta honek, urez betetako eskularrua zuen behekaldean. Modu honetan, eskularrua zapalduaz behia jeiztea lortu dugu.

Baratza: Hau orbelez betetako pistina modukoa zen, eta orbel artean barazkiak aurkitu ahal izan ditugu. Hauek aurkitutakoan, bakoitza bere saskian sartu dugu.

Sagarrak bildu: Koltxoneta handi bat aurkitu dugu hemen, eta honen gainean, altuera desberdinetan, sagarrondoak irudikatzen zituzten aterkiak, sagarrez beterik. Beste modu batean esanda, aterki hauek burdinezko estruktura bakarrik zuten (telarik gabe), eta hemen sagarrak zeuden belkroaz itsatsirik. Hau horrela, salto handiak eman behar izan ditugu sagarrak bildu ahal izateko.

Erreka: Psikomotrizitate gelan zehar koltxoneta urdinekin irudikatutako ibaia edo erreka ikusi ahal izan dugu. Errekatxo honek, hainbat zubitxo zituen eta hauek egitura desberdinekoak ziren: banku bat, bi banku, bankua alderantziz jarrita,...

Arrantza: Aipatutako errekatxoan arrantza egiteko aukera izan dugu. Banbuz egindako kañaberatxoak izan ditugu lagun eta mota desberdinetako arrain piloa harrapatu dugu. Behin hauek hartuta, bakoitza bere saskitxoan gorde dugu.

viernes, 28 de noviembre de 2008

AZOKARA GOAZ


Gaur txangoa egin dugu San Martin-eko azokara. Bertan postu pila bat ikusi ahal izan ditugu: barazki postuak, harategiak, arraindegiak, lore postuak,...


Barazki postuan Ixabel izeneneko basterritarra ezagutu dugu, eta honek bere produktu guztiak erakutsi dizkigu. Baserriko letxugak, tomateak, patatak, babarrunak, porruak, tipulak,... eta baita udazkenean hain ugariak diren fruituak ere: gaztainak, urrak, intxaurrak,...

Ixabelen postua ezagutu ostean, Mikelen arraindegira joan gara. Hemen, arrain mota desberdin pila bat ikusi ahal izan dugu: Antxoak, legatzak, bakailuak, erreboiloak, txirlak, muskuiluak, ganbak,... Gainera, Mikelek, arraina nola garbitzen duen eta hau nola txikitzen duen erakutsi digu.

Amaiaren harategia ere ezagutu dugu. Haragi pila dauka salgai eta honek ere, kontu handiarekin labana handiegia baita, haragia nola mozten duen erakutsi digu.

Azkenik, loreak saltzen dituzten postuan egon gara, eta liluraturik geratu gara bertako kolore eta usain edo lurrin nahasketarekin. Hemen, Arturo izeneko gizonak egin digu harrera eta oso jatorra izan da gurekin, lore bana oparitu baitigu.





ARGITXO IRATXOA


Argitxo izeneko iratxoa eskolako ume eta irakasle guztien laguna da. Iratxo hau mendian bizi da eta euskararen oso laguna da, irakaslea bezala, asko pozten da guk euskaraz egiten dugula entzutean. Berak euskaldunak maite ditu eta horregatik, asko maite gaitu, gu euskaldunak baigara.

Esan bezala, oso lagun ona dugu iratxo hau, honegatik, bere marrazki pila egiten ditugu, gero berari oparitzeko. Gainera, ira
kasleak bere ipuina kontatzean edota abestia abestean asko pozten gara.

Bera beti dago gurekin, gelan gaudenean, txangoan goazenean, autobusean etxerako bidean goazenean,...

Guzti honegatik, Abenduaren 3a Euskararen eguna denez, gela polit-polita jartzeko Argitxoren mural bat egitea pentsatu dugu. Berak hau ikustean pila bat poztuko da eta eguna elkarrekin jolastean ospatuko dugu, euskaraz
hitz eginez.

Lanera ba!

jueves, 27 de noviembre de 2008

LAGUN BERRIAK DITUGU KLASEAN!


A ze poza! Gaur goizean klasera sartu garenean bi laguntxo berri ditugula konturatu gara: Arrain-ontzi eder bat zegoen mahai gainean, bi arrain polit-politekin! Bata ikatza bezain beltza eta bestea, arraultz gorringoa baino laranjagoa.

Irakasleak esan digunez, arrainak uretan bi
zi dira eta bertan igerian ibiltzen dira euren artean jolasten. Igeri egiten benetan iaioak dira eta honetarako hegatsak erabiltzen dituztela esan digu.

Hauek gure ikas kide berriak izango dira eta denon artean zaindu behar ditugu. Hau da, egunean behin jaten eman behar diegu eta baita, irakaslearen laguntzaz, ura aldatu ere. Honetarako, gelako haur guztiak txandatzen joango gara egunero.

Aldi berean, izenak jarri behar genizkiela pentsatu dugu
eta honetarako lurrean borobil bat egiten eseri gara gure artean hitz egin ahal izateko. Bakoitzak gustuko duen izena esan du eta ondoren, ateratako izenen artean gehien gustatu zaiguna aukeratu dugu denon artean. Azkenean Pirritx eta Porrotx izena jartzea erabaki dugu, denoi ikaragarri gustatzen zaizkigulako pailazo hauek!

Gure lagun berri hauek beste ikas kide batzuk bezala tratatuko ditugu, errespetuz eta maitasunez.




BIDAI LIBURUXKA


Udako oporrak bukatu badira ere, badugu munduan zehar bidaiatzeko aukera berri bat!

Irakasleak, munduko herrialde desberdinak ezagutzeko ariketa proposatu digu. Helburua, bidai-liburuxka bat egitea izango da. Horrela, lurralde hauetako umeen eta helduen bizimodua ezagutu ahal izan dugu. Honetarako, taldeka jarri beh
arko gara, eta bakoitzak herrialde zehatz bat izango du aztertzeko.

Herrialdeak honako hauek izango dira: Txina, Marocco, Ecuador eta Euskal Herria. Talde bakoitzak, bertako kultura eta ohiturak ikusiko ditu irakasleak emandako informazio iturri desberdinekin: Hizkuntza, janari ospetsuak, jazteko modua eta irudi desberdinen bidez.

Gogo handiekin gaude liburuxka honekin hasteko, denon artean egingo dugulako eta hau bukatu ondoren, gelako liburutegian jarri ahal izango dugulako!

Informazio gehiagorako sakatu HEMEN

martes, 25 de noviembre de 2008

UDAZKENA


BADOA UDA, BADATOR UDAZKENA!


Kurtsoa hasi da eta honekin batera udazkena iritsi zaigu. Honegatik, eskolan ere udazkena lantzen hasi gara eta irakasleak kolore eta tamaina desberdinetako zuhaitz hosto pila ekarri ditu. Hosto hauek marroiak eta horiak direla konturatu gara eta ez normalean edukitzen duten berde kolorekoak eta irakasleak azaldu digu udazkenean zuhaitzen hostoak kolorez aldatzen direla, baita lurrera erortzen direla ere.

Fruitu berriak ere ezagutu ditugu, irakasleak eskolara ekarri baititu. Zuhaitzek urte osoan zehar fruitu desberdinak ematen dituztela esan digu eta udazkenean ere ugariak dira fruituak. Hemen mota askotakoak aurki ditzakegu: Gaztainak, urrak, intxaurrak, ezkurrak...



Eguraldi aldaketak ere ikusi ditugu. Hau da, udako beroa eta eguzkiak alde egin dutela eta haizea, euria eta hotza iritsi direla ikasi dugu. Honen ondorioz, udako arropak eta udazkeneko arropa oso desberdina direla ere ikusi dugu: Galtza motzak beharrean luzeak jartzen ditugu, tiradun kamisetak erabili beharrean mahuka luzedunak, jertse lodiak jantzen ditugu, euria ari duenean zirak,...


viernes, 21 de noviembre de 2008

TXOKOAK


Gure ikasgela zazpi txokotan dago banatuta:

- Eraikuntzak: Hemen, kolore eta tamaina desberdinetako egur blokeekin aritzen gara jolasten, mota guztietako eraikuntzak egiten.

- Mahai-jokoak: Txoko honetan puzzleak egiten, mahai-joko desberdinekin jolasten eta pultserak egiten aritzen gara, honetarako, hari eta bolatxoak erabiliz. Serieak egiteko egurrezko bloke txikiak ere baditugu, eta primeran egoten gara hauekin jolasten!

- Pintaketa: Artisten txokorik gogokoena da hau! Hemen, lientzoa, pintzelak eta mila koloretako tenperak daude, koadro polit-politak egiteko!

- Plastika: Nahi duguna sortzeko txokoa da hau. Margotzeko orriak eta margoak, plastilina, gometxak, kola, tenperak, puntzoiak, mota desberdinetako paperak eta bertziklatzeko materiala egoten da eta oso gauza interesgarriak egiten ditugu.

- Etxea: Gure gelako etxean, beste etxe guztietan bezala, janaria prestatzen dugu, ontziak garbitzen ditugu, logela txukundu,...

- Ordenagailua: Hemen "Ttantto" izeneko marigorringoarekin jolasten dugu. Honek puzzleak egiten laguntzen digu, marrazkiak margotzen, kartetara jolasten,...

- Irakurri eta idatzi: Asteko egunak eta klase kideen izenak idazten ikasten dugu, zenbakiak,...




miércoles, 19 de noviembre de 2008

EGUN BAT GURE ESKOLAN!


Goizeko bederatziak iritsi dira eta egunero bezala, denok berokiak gure pertxeroetan utzi, amantala jantzi, gelara sartu eta borobilean eseri gara. Hemen, elkar agurtu eta egunero aldatzen doan arduraduna adostu dugu. Gaurkoan Amaiaren txanda da.

Honek klasekide guztiak zenbatu ditu eta falta direnen argazkiak paretan itsatsi. Asteko zein egun den eta zer eguraldi egiten duen ere galdetu digu eta denok batera Ostirala dela eta euria ari duela erantzun diogu. Amaiak, fitxa egokiak aukeratu eta hauek ere paretan itsatsi ditu.

Gaur, gainera, Unaiek Hiru txerrikumeen ipuina ekarri du etxetik eta irakasleak denori kontatu digu. Bai ipuin polita! Oso ondo pasa dugu hau entzuten!

Guzti honekin bukatutakoan, gaurko arduradunak (Amaiak) txokoetarako fitxak banatu ditu eta bakoitza berera abiatu da lanera. Hemen denboratxo bat pasa dugu elkarrekin jolasean eta gauza pila bat ikasten. Iritsi da, ordea, jolas garaia eta txokoak txukuntzeko unea iritsi da. Gu oso ume langile eta garbiak garenez, dena aurkitu dugun moduan utzi dugu. Hamaiketakoa jan, berriz ere berokiak jantzi eta jolastokira abiatu gara.

Jolas ordua amaitutakoan, irakasleak gela apaintzeko mural bat egitea proposatu du eta horrelaxe egin dugu. Bakoitzak bere izena jartzen zuen lekuan bere eskuaren marka utzi du. Honetarako, eskuak kolore desberdinetako tenperatan busti ditugu eta gero paperean jarri. Ikaragarri koloretsu gelditu zaigu eta gure gelari alaitasuna emango diolakoan nago!

Bazkal garaia ere segituan iritsi da. Batzuk jangelara eta beste batzuk etxera joan gara. Ondo bazkaldu dugu, eskolara indarrekin joateko eta lan asko egin ahal izateko.

Arratsaldean ere goizeko joan-etorri antzekoetan aritu gara: txokoetan ibili gara, xagu txikira aritu gara,... Eta baita kojin gelara igo ere, kojinekin, panpinekin, baloiekin, zapiekin,... jolastera.

Ederki pasa dugu gaur eskolan! Zenbat gauza ikasi ditugun eta zenbat jolastu dugun gure artean! Nolakoa izango ote da biharko eguna?