miércoles, 19 de noviembre de 2008

EGUN BAT GURE ESKOLAN!


Goizeko bederatziak iritsi dira eta egunero bezala, denok berokiak gure pertxeroetan utzi, amantala jantzi, gelara sartu eta borobilean eseri gara. Hemen, elkar agurtu eta egunero aldatzen doan arduraduna adostu dugu. Gaurkoan Amaiaren txanda da.

Honek klasekide guztiak zenbatu ditu eta falta direnen argazkiak paretan itsatsi. Asteko zein egun den eta zer eguraldi egiten duen ere galdetu digu eta denok batera Ostirala dela eta euria ari duela erantzun diogu. Amaiak, fitxa egokiak aukeratu eta hauek ere paretan itsatsi ditu.

Gaur, gainera, Unaiek Hiru txerrikumeen ipuina ekarri du etxetik eta irakasleak denori kontatu digu. Bai ipuin polita! Oso ondo pasa dugu hau entzuten!

Guzti honekin bukatutakoan, gaurko arduradunak (Amaiak) txokoetarako fitxak banatu ditu eta bakoitza berera abiatu da lanera. Hemen denboratxo bat pasa dugu elkarrekin jolasean eta gauza pila bat ikasten. Iritsi da, ordea, jolas garaia eta txokoak txukuntzeko unea iritsi da. Gu oso ume langile eta garbiak garenez, dena aurkitu dugun moduan utzi dugu. Hamaiketakoa jan, berriz ere berokiak jantzi eta jolastokira abiatu gara.

Jolas ordua amaitutakoan, irakasleak gela apaintzeko mural bat egitea proposatu du eta horrelaxe egin dugu. Bakoitzak bere izena jartzen zuen lekuan bere eskuaren marka utzi du. Honetarako, eskuak kolore desberdinetako tenperatan busti ditugu eta gero paperean jarri. Ikaragarri koloretsu gelditu zaigu eta gure gelari alaitasuna emango diolakoan nago!

Bazkal garaia ere segituan iritsi da. Batzuk jangelara eta beste batzuk etxera joan gara. Ondo bazkaldu dugu, eskolara indarrekin joateko eta lan asko egin ahal izateko.

Arratsaldean ere goizeko joan-etorri antzekoetan aritu gara: txokoetan ibili gara, xagu txikira aritu gara,... Eta baita kojin gelara igo ere, kojinekin, panpinekin, baloiekin, zapiekin,... jolastera.

Ederki pasa dugu gaur eskolan! Zenbat gauza ikasi ditugun eta zenbat jolastu dugun gure artean! Nolakoa izango ote da biharko eguna?





No hay comentarios: